Zubiaga bitxitegia 1960. urtean sortu zuten Zubiaga anaiek eta 2015etik bere ateak zabalik ditu Seber Altube plazan.
Testua eta argazkiak: Marijo Simon. 2109ko abenduak 17, asteartea.
Zubiaga bitxitegia 1960. urtean ireki zuten Zubiaga anaiek. 1989an jubilatu zirenean Elena Zubiagak hartu zuen dendaren zuzendaritza. Bitxitegia Maala kalean ireki zen, baina orain lau urte Seber Altubera aldatu zen (2015ko abenduaren 3an). Hasieratik Maribelekin eta Eguzkiñerekin lan egin du Elenak primerako zerbitzua eskainiz.
Zerbitzu ugari eskaintzen ditu bitxitegiak. Bitxiak eta erlojuak saltzeaz gain, konponketak ere egiten dituzte. Horretarako bitxigile eta erloju-konpontzaile batzuekin dihardute. Esan beharra dago, erlojua marka zehatz bat konpondu behar denean, marka bakoitzak duen zerbitzu teknikora bidaltzen dutela.
Bitxitegian zilarrezko eta urrezko pieza ugari aurki ditzakegu, prezioa askotarikoak. 30 euro ingurutik hasita “bezeroak gastatu nahi duenera arte”. Bezero batek erosketa berezi bat egin nahi duenean, hornitzailea dendara dator, eta bezeroari katalogoa erakusten dio. “Bitxitegian eroslearen aurrekontura mugatu behar gara, baina ordaintzeko erraztasunak ematen ditugu. Norbera erosi nahi duen bitxia erosi gabe gera ez dadin, edo kalitate gutxieneko pieza bat eros ez dezan”.
Elenak argi daukan gauza garrantzitsuena da “bitxi bat bizi osorako dela”. Zentzu horretan, hori koloreko urrea berriz modan dator, eta Elenak azaldu digunez “azkenengo urteetan gazte askok euren amen edo amonen bitxiak birmoldatzera eraman dituzte dendak berriz erabiltzeko. Bitxiek, balore ekonomikoaz gain, balio sentimentala ere badute. Bitxi klasikoak ez dira modatik pasatzen”.
Zubiagak webgune bat ikusgai du, hain zuzen, katalogoko hainbat pieza on-line ezagutzeko aukera ematen duena. “Lanean jarraitzen dugu Internet bidez, baina nire iritzian salmenta aurrez arre egitea da onena. Erosketaren unea bizi egin behar da, eta horretarako ezinbestekoa da erosketa hori denda fisikoan egitea”.
Izan ere, salerosketa une honetan Zubiagak aholkularitza lan garrantzitsua egiten du. “Ez da soilik erostea erostearren, kontuan izan behar dugu erosten dugun bitxia betirako dela, eta beraz garrantzitsua da berau probatzea. Gure lanaren parte bat da aholkuak ematea, bezeroari azalduz ea zergatik bitxi edo erloju bat aukeratzea komeni zaion. Egia da erosleak azken hitza duela”. Webgunean ere whatsapp bat daukate aholkuak emateko “baina zerbitzu honek ezin du zuzenean egiten dugun aholkularitza lana ordezkatu”.
Elenak ere gogoratu du herrian bertan erostearen garrantzia: “gogoan izan behar dugu elkarrekin bizi garela, gure familia eta lagunak bizi diren herri berean, eta bertan erosi behar dugu herria bizirik mantentzeko. Erosi behar dudana Arrasaten salgai badago, hemen erosi behar dugu. Dendek ere gure artean lan hori egin behar dugu. ‘Nik Arrasate’ leloa denon artean bultzatu egin behar dugu.”