zarraoa

Zarraoa lurrindenda 76 urte arrasatearren zerbitzura::::::


Petra Zarraoak ireki zuen 1944ko ekainaren 19an ‘El Arca de Noe’ izenarekin. Gaur egun Miren Gallastegi bere biloba da komertzioaren arduraduna.

Zarraoa lurrindenda San Joan Bataiatzailaren parrokiaren ondoan dago, Kanpatorpean. Herriko saltoki zaharreneterikoa da. Petra Zarraoak ireki zuen 1944ko ekainaren 19an ‘El Arca de Noe’ izenarekin. Denda oso txikia zen eta galtzerdiei puntuak hartzen hasi zen. Poliki-poliki produktu gehiago eskaintzen hasi zen, batez ere, drogeriako produktuak, garbitzeko produktuak,… Baita perfumeak eta kosmetikako produktuak ere geroago.

Petrarekin batera bere alaba Arantxa Ceciaga dendan lan egiten hasi zen. Orain direla 30 bat urte bere biloba Miren Gallastegik ere bertako lanari ekin zion. Arantxa jubilatu zenetik Miren da komertzioaren arduraduna, eta ordutik denda nabarmen aldatu da, besteak beste, erosgai dituzten produktuak.

Aldaketa handienak Arantxak egin zituen, 20 urte dira denda eraberritu zutela saltokiaren egungo itxura emateko. Bidenabar, izena aldatu zioten, eta harrezkero Zarraoa deitzen da.

Garai batean lurrinak ontziratu gabe saltzen ziren, kortxoak, liburuak, Gabonetako apaingarriak,… denetarik saltzen zuten. Denboraren poderioz espezializatu egin dira perfumerian, kosmetikan, oparietan, osagarrietan,… Jostailuak ere saldu izan dituzte, baita poltsak eta maletak azken urteetan ere.

Egun, erosleek gehien erosten dituztenak osagarriak dira: aterkiak, fularrak, eskularruak, poltsak, maletak, gerrikoak, oparientzako otarrak, kapelak, … Azken kasu honetan, Elosegiko txapelak saltzen dituzte: “gustuko dut bertako produktuak saltzea, batez ere, kalitate handikoak direlako. Aterkiak ere Ezpeleta enpresakoak saltzen ditut”.

Bezeroek ere bitxiak erosten dituzte, eta bisuteriaz gain, zilarrezko bitxiak ere saltzen ditu Mirenek, hain zuzen, Poloniako Argentitui enpresakoak.

Mirenek azaldu digunez “perfumeria eta kosmetika asko jaitsi da azkenaldian, batez ere, saltoki handiek izan duten eraginagatik. Baina orain, konpetentzia zorrotzena internet da. Alde batetik, ulertzen dut jendea oso lanpetuta izatea, eta oso erosoa izatea edozein ordutan etxetik erostea. Baina bestalde, saltzailearen eta eroslearen arteko harreman pertsonalizatua galtzen ari da, eta pena bat da. Ez da baloratzen dendarion lana. Kontutan izan behar da kanpaina bakoitza 6-8 hilabete lehenago prestatu behar dugula. Ez da bakarrik saltzaile lana egitea, ordutik kanpo ere lan handia dago, erakusleihoak jartzea, kontabilitatea,… ”.

Zarraoa beti izan da familia negozioa, eta Mirenek azpimarratu duenez “aitaren eta amaren laguntza ezinbestekoa izan da beti niretzat. Aitaren familiak elikagai denda bat zuen, eta bera arduratzen zen biltegiko lanaz lantegitik irten ondoren. Ni ere gaztetan hasi nintzen dendan laguntzen, batez ere, Gabonetan edo beharrezkoa zenean”.